Ibon Koteron 20 urterekin hasi zen alboka jotzen, eta berehala bihurtu zen orduko albokari aktibo eta aintzatetsienetako bat. Gaur egun oraindik, albokaz hitz egitea Ibon Koteronez hitz egitea da. Funtsezkoa izan da instrumentu hau berreskuratzeko eta modernizatzeko bidean, errepertorioa zabalduz eta hainbat leku eta estilotako musikarekin uztartuz egin duen lanagatik. Bere lehen diskoa, “Leonen Orroak” (1996), Kepa Junkerarekin batera argitaratutakoa, mugarria izan zen albokaren biziberritzean. Plazer handiz entzungo dugu urriaren 4an, Lander Zabala panderojole eta abeslari usansolotarrarekin batera.
